Dagoeneko urtebete igaro da Ikasweb izeneko aplikazioa eta bere zerbitzaria gure ikastolan inplementatu genuenetik. Ikastolen Elkarteak bultzaturiko ekimen honek apustua handia suposatu zuen ikastola guztientzat eta Jakintzak bereak egin zituen ekimen berritzaile honen helburu guztiak.
Aplikazio berri horren ahalmenak ikusita apustu garbia egin genuen eta hasiera hasieratik lanari ekin genion. Oztopoak oztopo, aplikazioaren ezaugarri nagusiak ezagutzen hasi ginen eta, moduluen garapena planifikatu ondoren, diseinatzen hasi ginen. Gai hauek guztiak guretzat arrotzak ziren arren, ilusiorik ez zen falta eta ordura arte ezezagunak ziren PHP, CSS, XHTML, MYSQL, … bezalako terminoak ezagutzen hasi ginen. Lan neketsua eta gogorra izan arren, 2004-2005 ikasturte hasierarako gure intranetaren atal asko Ikasweb aplikazioarekin kudeatzen hasi ginen: agenda, zerrendak, albisteak, foroak, baliabideak, argazkiak,… Tresna honekin, gure bileren antolakuntza burutzen dugu, prozesuen jarraipena egiten da, kilometraia eta dieten kontrola burutzen dugu, ordezkapen eta baimenen jarraipena kudeatzen da, baliabideen erretserba egiten dugu, …
Tresna horiek egokitzen eta garatzen ari ginen bitartean, aplikazio honen beste alderdia garatzen hasi ginen, web orrrialdea, hain zuzen.Hasierako helburua abendua bazen ere, otsaila arte ez genuen lortu webaren garapen osoa. Zailtasun izugarriak gainditu behar izan genituen eta, azkenean, web orrialdea ireki genuenean, domeinuarekin beste arazo bat izan genuen. Azkenean, hori konpondu genuenean hobekuntzak eta modulu berriak sartzeari ekin genion. Garapen fase honetan murgilduta gaudelarik, berrikuntza sakon eta klabeak iristen ari dira. Aste honetan bertan, Outlook Web Access -en bitartez ikastolan dugun korreo zerbitzariarekin konektatzen hasi gara edozein lekutik. Honen atzetik beste berrikuntza bat datorkigu; gure karpeta pertsonala erabiltzeko aukera. Honek, gure korreoa kudeatzeko aukera berriak zabaltzearekin batera, lanaren antolakuntzan aldaketa sakonak ekar ditzake.
Bestalde, aplikazio honen garapenak ez du etenik eta dagoeneko, frogatzen hasi gara modulu berri bat: Ikasnot. Honekin irakasleok, gurasoek eta ikasleek kudeaketa akademikoaren jarraipena egiteko aukera izango dute.
Etorkizunak dakarkigunari buruz ezer gutxi esan dezakegun arren, garbi dago prozesu honek bueltarik ez duela eta, epe ertainean, aplikazio honekin ikastolako lan guztiak burutzeko aukera izango dugula bai ikastolatik bertatik bai interneteko konexioa duen edozein ordenagailutik.
Urtea: 2005
Firefox 1.0.3 euskaraz
Sustatun irakurtzen dut dagoeneko kalean dela Firefox nabigatzailearen euskarazko bertsio ofiziala. Helbide honetatik deskarga dezakezue:http://www.mozilla.org/products/firefox/all.html.
Oraindik ez baduzu azeria zure ordenadorean agian arrazoi guzti hauek konbentzituko zaituzte.
10×10
Ez dut gogoratzen zenbat denbora pasa den eguneroko prentsa idatzia (paperezko euskarrian irakurtzen duguna, alegia) irakurtzeko aukerarik ez dudala. Ez dut astirik izaten egunkarirari behar den errepasoa emateko. Egunaren zati handi bat (handiegia, agian) ordenadorearen aurrean pasatzen dut eta, hori dela eta, egunerokoaren berri jasotzeko bide alternatiboak aurkitu behar izan ditut.
Aspalditik daukat Firefox-en, etxeko orri bezala, Google News web orria. Bere bilaketa motore ospetsuan oinarrituz, aldizkari eta komunikabide digitalek publikatzen dituzten albisteen laburpena eskaintzen dizu. Bistazo batean dituzu uneko albiste interesgarrienen zerrenda, arlo desberdinetan antolatuta eta etengabeko eguneratzearekin.
Google-en filosofia bera erabiliz baina diseinuan desberdintasun handiak aurkeztuz 10×10 webgunea topa dezakezue. Orduoro mundu mailako komunikabide garrantzitsuenen RSS feed-ak errebisatzen ditu. Edukiak analizatu ondoren 100 hitz garrantzitsuenak aukeratzen ditu, bakoitza bere argazkiarekin, albisteak irizpide horren arabera sailkatzen dituelarik. Albiste guztiak 10×10 albisteko kuadro batean aukezten zaizkigu. Diseinu erakargarria benetan!.
Munduan gertatzen denaren berri jasotzeko tresna oso baliagarria da. Hori bai, eduki gehienak ingelesez aurkituko dituzue.
365 egun baino luzeagoko urteak?
Ez al diozu sekula galdetu zeure buruari zer gertatuko ote litzateke baldin eta Lurreko biztanle guztiek batera salto egingo balute une berean?. Posible izango litzateke Lurraren orbitaren erradioa aldatzea honen ondorioz?. Munich-eko zientzialari talde baten iritziz posiblea bakarrik ez, gomendagarria ere izango litzateke. Badirudi orbitaren handitzearekin Lurreko tenperatura gradu batzuetan txikituko litzatekeela aldaketa klimatikoa atzeratuz.
Hans Peter Niesvard irakaslearen eta bere laguntzaileen estimazioen arabera orbitaren aldaketa lortzeko nahikoa da une berean mendebaldeko hemisferioan 600 miloi pertsonek batera salto egitea. Eta horixe da proposatzen digutena Word Jump Day ekimenarekin.
Salto Handiaren eguna eta ordua finkaturik daude: datorren urteko uztailaren 20an izango da eta hemen, Euskal Herrian, eguerdiko 12:39:13etan tokatzen zaigu salto egitea.
Tira ba, parte hartu nahi baduzu erregistratu eta e-postaz abisua jasoko duzu egun handiaren bezperan. Jadanik 110 miloi pertsona erregistratu dira!
Zer pentsatuko ote luke Keplerrek horrelakoak entzutean…
Publikatu itzazu zure bideoak Google-en
Gaurtik aurrera Google-ek aukera ematen dizu zure bideoak interneten publikatzeko. Horretarako “Video Upload Program” delakoa kaleratu berria du. Aplikazio honen bitartez edozein tamaina eta iraupeneko bideoak Google-era igo ditzakezu edonork kontsultatu edota ikusi ahal izateko aukera izanik. Programak onartzen dituen bideo formatuak ondorengoak dira; .mpg, .mpeg, .avi, .ra, .ram, .mov, .wmv, edo .asf.
Informazio gehiago nahi baduzu egizu klik hemen