IKTeroak abian jarri genuenetik hilabete bat igaro da eta, gure iritziz, balorazioa egiten hasteko garaia heldu da. Gure artean, astearte honetan, egingo dugun bileran hitz egingo dugu baina zuen iritzia behar-beharrezkoa dugu. Horretarako Jakintza Ikastolako web orrialdean inkesta bat jarri dugu gure ekimen honen inguruko balorazioa eman dezazun. Dena den, tresna horrek dituen mugak direla medio, askoz ere aberatsagoa litzateke zuen ekarpenak, iritziak hemen bertan txertatzea. Horretarako, oso sinplea den erregistroa bete beharko zenuke. Anima zaitez eta baloratu gure lana!!!
Urtea: 2005
IKTeroak blog-a BERRIAn
Kaixo IKTeroak.
Lehen aldiz idazten dut hemen (eta blog batean ere) eta barkatu didazue idatziko dudan xinpletasunagatik, “quicktags” direlako horiek erabili gabe.
Zorionekoak gu! Blog honen berri ematen du BERRIAk ostiraleko Tartea gehigarriaren 9. orrialdean, Mikrotxipa atalean. Euskarazko bi blog berriak aipatzen ditu, bat gurea eta bestea Gorka Julio kazetariak Gaztetxulon idazten dituen erreportaiei buruzkoa.
“Blog teknofiloak” bezala izendatzen gaitu. Gureataz konkretuki hauxe esaten du:
“IKteroak Jakintza ikastolako irakasle batzuek sortu dute, eta Informazio eta Komunikazio Teknologiak (IKT) irakaskuntzarekin lotzen ditu. Bertan azaldu dutenez, blog honez gain, bitakorak irakaskuntzan erabiltzeko esperimentu kolektiboa eta parte hartzailea prestatu nahi dute beste ikastegi batekin”.
Beno, beno, asteburu ona pasa ….
EGA on-line 2
Aurreko batean, EGAko atariko probei buruz idatzi nuen. helbide interesgarri bat eskaintzeaz gain, “turismo” pixka bat egiteko aukera ere ematen nizuen. Oraingo honetan, aldiz, harira joango naiz eta sustatun aurkitutako artikulu bat ekarriko dut hona.
Internet&Euskadi elkarteak Euskararen Gaitasun Agiria lortzeko gainditu behar diren atariko frogak http://www.interneteuskadi.org/euskara/ega helbidean zintzilikatu ditu. Guztira zazpi urtetako azterketak kontsultatu daitezke gune horretan, urte bakoitzeko bi edo hiru froga.
Internet&Euskadi elkarteak garatutako aplikazioak galderen erantzun zuzenak zein diren jakitea ahalbidetzen du eta azterketetan jarri ohi diren zenbait audio zati ere entzun daiteke.
Edozein nabigatzailerekin egiteko modukoa
Aplikazioa XML eta HTML formatu irekiak erabiliz programatuta dago, eta edozein nabigatzailetan ikus daiteke. Hala, javascripta aktibaturik izanik aipaturiko atariko frogak egin daitezke, inolako programa berezirik instalatu gabe. Bestalde, ariketa bakoitzak ez du 100 KB baino gehiago betetzen.
Ikusiko duzuen bezala erabiltzeko oso erraza eta erosoa da. Beraz, anima zaitezte!
Argazki kamera birtuala
Aspaldi honetan, IKTen erabilera areagotzen joan den heinean, irakasleon eguneroko lanean eginkizun berriak sortu dira. Horietako bat izan da argazki kamera digitalaren erabilera. Gaur egungo kamera berriekin ez da beharrezkoa izaten argazkigintzan jantziegiak egotea. Botoia sakatu eta, klik baten ondoren, hortxe dugu argazkia!. Halere, beti izaten dira irakasle saltseroak, botoi guztiak ukitzen dituzten horietakoak. Hauentzat hemen doa webgune hau, diafragma, obturadore, foku distantzia,.. eta horrelakoak zer diren eta argazkiaren kalitatean zer eragin duten ulertzeko balio duena. Orain dela hilabete batzuk izan nuen honen berri (magic da horren lekuko) baina helbidea galduta nuen. Gaur Alt1040-n berriro aurkitu dut orri honen erreferentzia. Argazkigintzaren mundua gustukoa baduzue bisitatu, interesgarria da benetan.
Arazoak Blogsome-n
Badirudi egun hauetan Blogsome-ekoek arazoak izan dituztela hacker-ekin. Segurtasuna bermatzearren egun eta erdi itxita eduki dute Blogsome . Barka eragozpenak!