Bideoak sartzeko beste zerbitzu bat

Azken egunotan era guztietako probak egiten aritu naiz datorren ikasturtean nire ikasleekin osatu behar ditugun blogak ahalik eta ondoen hornitzeko.

Eginiko proba horien artean azpimarratu nahiko nuke bideoak txertatzeko erabil genezakeen zerbitzuari buruz. Izan ere, urtean zehar ugari dira ekoizten ditugun bideoak eta blog horretan eskegi nahiko nituzke.

Orain arte dohain erabil daitezkeen beste zerbitzuak probatu ditut eta aste honetan YouTube izeneko zerbitzuarekin topatu naiz. Dohaineko zerbitzua eskaintzen du eta 100 MBeko bideoak utz daitezke. Zerbitzu horrek bideoak Flash-era pasatzen ditu eta hiru aukera ematen ditu: bideoaren URLa ematen du, post batean bideoa txertatzeko kodea ematen du eta, nahi izanez gero, bideoaren thumbnail-a sartzeko kodea ere ematen du. Hori bai, guztietan logoa sartzen dute propaganda gisa.

Etiketak (tag), RSSa, publiko edo pribatu moduan gordetzeko aukera, lagunak izendatzeko aukera, bilaketa, iruzkinak egiteko aukera… Ez al dizue Flickr gogorarazten? Batzuek, dagoeneko, bideoen Flickr-a deitzen diote zerbitzu honi.

Emaitza ikusi nahi baduzue, probatzen ari garen blog honetan ikus ditzakezue emaitzak. Ikusgai dauden bideoak Jakintza Ikastolako 10-11 urteko ikasleek Multimedia Tailerran egindakoak dira. Bideoak streaming bidez deskargatzen dira eta oso handiak direnean patzientzia edo konexio oso ona eduki behar da. Nire 8 kilometroko Wi-Fi-arekin ez ditut oso abiadura azkarrak lortzen eta play-ri eman ondoren, pause-ri ematen diot deskargatzen uzteko. Honela, beste gauza batzuk egiten ditudan bitartean, bideoa deskargatzen du.
Nire lagunen aholkua jarraituz, hemen ere adibide bat txertatuko dizuet. Ken Zazpi taldearen abesti batekin 5. eta 6. mailako ikasleek eginiko bideoklipa da. Goza dezazuela!!!

IKTeroak ero eta bero

Agian, udako oporren azkeneko egunetan aspertzen hasita gaudelako, kuestioa da gaur saltseatzen ibili naizela eta gauza bitxien bila aritu naiz.

Lehenengoa, zigiluak ekoizteko web hau aurkitu dut eta, jakina, proba bat egin dut bi IKTeroen argazki batekin. Hauxe da emaitza.

Bigarrena, flashen animazio eroak egiteko web hau aurkitu dut eta hemen ere ezin proba egin gabe utzi. Emaitza ez da museo batera eramateko modukoa izango, baina probatu zuek eta ikusiko duzue.
Nik egindako animazioa ikusteko egin klik hemen.

Hirugarrena, gaur instalatu dut Google Talk nire eramangarrian eta ez dut lortu inorekin hitz egitea, denak oporretan baitaude eta, gainera, ikastolako konexioa berriro eten da (ni ikastolako sarearekin 8 kilometroko Wi-fi konexioaren bitartez konektatzen naiz) . Nolanahi ere, Skype eta Messenger-en konpetentzia izan daitekenaren ezaugarriak ikusita, nik uste dut itxaron beharko dugula jakiteko noraino irits daitekeen. Une honetan, bere interfazea oso sinplea da eta beharrezkoa da Gmail kontu bat izatea.

Canon 5D: 13 Megapixel-eko argazki kamara

Beharbada, berandu nabil hau proposatzeko baina, atzo aurkeztu zuten argazki kamara hau eta, nahiz oporrak bukatzen ari diren, Jolausek Deniatik bidali digun argazkiaren kalitate kaxkarra ikusita, ez naiz erreprimitu eta proposamen hau luzatzen diot/dizuet.

2.5″eko LCD pantaila, JPEG nahiz RAW grabazioa, DIGIC II irudiak bertan prozesatzeko, 3 fotograma segundoko ( 60 arte ) grabatzeko aukera, bideo eta audio irteera, USB 2.0 konexioa eta WTF-E1 modulu inalanbrikoarekin bateragarritasuna dira bere ezaugarri nagusienak.

Hoberena, zalantzarik gabe, bere prezioa da: 3500 US$. Zer da hori irakasle baten soldata duenarentzat (sare “pribatuan” gaudenontzat, batez ere)??? Animo Jolaus eta ea honelako batekin gure begiak alaitzen dizkiguzun!!!

Informazio gehiago:

Ubergizmo

Alex.net (PDF)

Abuztuan IKTeroak bero-bero!

Bueno, bueno… zer da hau! Bederatzi egun etxetik kanpo eta sekula baino interesgarriagoa aurkitu dut gure bloga. Irakurri berri ditudan azken erantzunak oso interesgarriak iruditu zaizkit denak. Nork pentsa garai honetan horrelako gai interesgarriei helduko geniela. Ea datozen egunetan Sergio, Txopi eta Enekori erantzuteko tartetxo bat hartzen dudan.

Bitartean hemen uzten dizuet Deniako argazkitxo bat

Montgo Deniako gaztelutik

Gaur jaso dut kotxea. Datozen egunetan ingurua ezagutzeari ekingo diogu. Laster arte.

IKASTOLA hankaz gora!!!

Ez, ez da exajerazio bat. Literalki horrelaxe baitugu horrenbeste maite dugun JAKINTZA IKASTOLA. Urtero legez, udako oporrrak aprobetxatzen ditugu ikastolan egin beharreko konponketak, mantenu lanak, obra berriak… egiteko baina, aurten bezala, inoiz ez; nik ez dut gogoratzen, behintzat.

Hasteko, neurriarengatik besterik ez bada, ikastolako jolastokia estaltzeko eta frontoia eraikitzeko obra dugu. Lan hau ikastolako partaide guztion ametsa izan da azken urteotan eta aurten, Eusko Jaurlaritzak emandako diru laguntzari esker ( % 30a gutxi gorabehera ) ausartu gara mailegu bat eskatzera eta gisa honetako obra batean sartzera. Nolanahi ere, egindako ahalegin berezi honek ez du ekarriko inongo gainkargarik gure gurasoentzat, hori bai, datozen hiru urteetan gerrikoa estutu beharko dugu. Hala ere, merezi duelakoan gaude, izan ere, ikastolak leku estali bat behar zuen era guztietako jarduerak baldintza egokiez burutu ahal izateko: ikastolako kirol jarduerak, emanaldiak, jaialdiak eta herriko kirol erakundeei instalazio egokiagoak uzteko (herri ekimenetik sortuak gara, herrian txertaturik gaude eta herri onurako erakundea izaten jarraitu nahi dugu).

Bigarrena, gure gaiarekin lotuta dagoelako, beste infogela bat egokitu eta osatu. Iaz gela bat 23 ordenagailuz (22 ikasleentzat eta bestea irakaslearentzat), proiektore finko bat, arbela digitala, eskanerra… prestatu genuen eta aurten bigarrena modu berean egokitu dugu, hori bai, ordenagailu berri eta ahalmen handikoak erabiliz. Horretaz gain, irakasleen bulego guztietan ordenagailu berriak jarri ditugu, ordenagailu eramangarri gehiago, proiektore berriak… Une honetan, gure ikastolan 100 bat ordenagailu dugu sarean.

Hirugarrena, gurekin zerikusi handirik ez badu ere, ardura gure eskutan izan delako, areto nagusiaren egokitzapena. Areto hau megafonia, informatika eta isolamendu akustiko egokiaz hornituko da. Obra hau hastear dago.

Laugarrena, ikastolako lehen solairua margotze lana. Urtero solairu bat margotzen da eta aurten Batxikoek eta DBH 4koek erabiltzen dutenari egokitu zaio (premia latza baitzuen).

Bosgarrena, komunetan iturginen konponketa lanak. Elbarrientzat eginiko egokitzapenen ostean, ur kontsumoa murrizteko sistema berriak jartzen ari dira komun guztietan.

Azkena, aipamen berezia merezi duelako, sare elektrikoarekin gertatutakoa. Informatika gelak egokitzeko egin beharreko lanak oso era dotore eta txukunean burutu dituzte, baina frontoiko lanetan gertatutakoa ez da nolanahikoa izan: indusketa lanetan hasi zirenean, sare nagusiko kable bat hautsi eta ikastola argi indarrik gabe utzi zuen. Hori konpontzeko, a zer komeriak!!! Abuztuan lanean, IKTeroak izan ezik inor ez, eta arduradunak aurkitu arte ezin izan genuen konpondu. Hau konpondu eta astebetera, herriko lorezainek zuhaitzak mozterakoan tentsio handiko kableetan izugarrizko hondamena eragin zuten. Berriro, ikastola argirik gabe. Horregatik, abuztuan gu bezain martxosoa izan eta gure web orrialdean sartzeko ahaleginetan ibili bazara, ohartuko zinen ezinezkoa zela gure zerbitzariak itzalita baitzeuden. Bestalde, agian, arazo hauen guztien ondorioz, Telefonicako routerra arazoak ematen hasita dago. Ea hau konpontzean, lasaitasun pixka bat dugun!!!