Ubuntuk eramangarrien disko gogorrak fagozitatzen ditu

Ez da normala, ez da batere normala nire disko gogorrari gertatu zaiona. Ez dut zehazki gogoratzen noiz aldatu nuen nire eramangarriaren disko gogorra. Halere garbi daukat ikasturte honen hasiera aldera izan zela, beraz, hamar hilabete baino gutxiago izan dira Seagate zaharra, 120 GBeko Western Digital Scorpio SATArekin ordeztu nuenetik. Nire hornitzailearen hitzetan merkatuan dagoen diskorik hoberenetakoa omen zen. Bada, horrelaxe izango “zen” zer bereak egin du gaur arratsaldean.

Susmoa daukat diskoaren hondamenak Ubunturekin zerikusia duela baina ez nago oso ziur. Antza denez, nire kide bati ere antzeko zerbait gertatu zitzaion Ubunturekin hasi ondoren. Sarean ere horrelakoak gertatzen direla irakurri dut. Egia al da Ubuntu modu berezian konfiguratu behar dela ez badugu nahi gure eramangarriaren disko gogorrarekin akabatzea nahi?

Informazio gehiago: Zirikteroak

Zoho Writer Ekuazio Editorearekin

Blog hau irakurtzen duzuenok jakingo duzue Google Docs aplikazioaren jarraitzaile sutsuak garela. Beti aipatu dugu webean aurki daitekeen ofimatikako aplikaziorik potenteenetakoa dela. Aurrekoa egia bada ere, ezin dugu ukatu Zoho etxeak ere gauzak ondo egiten ari dela. Aspalditik darama aplikazio interesgarriak garatzen, hauetako askok gainera, Google-ek eskaintzen dituen zerbitzuen gainetik agertzen dira. Gaur jakin dugunez Zoho Writer-i Google Docs-etik dokumentuak inportatzeko aukera gehitu diote. Honetaz gain LaTex-ean oinarritutako ekuazio editore dotorea ere gehitu diote. Ekuazioak zuzenean kodea erabiliz edota, Microsoft Word-en modura, botoiak erabiliz txerta daitezke. Zoho Writer-ek automatikoki sortuko du dagokien ekuazioaren irudia. Nahi izanez gero ere, LaTex fitxategia gure ekipora esportatzeko aukera ematen du.

Asko gara irakaskuntzan formula matematikoak erabiltzen dugunok. Gehienok Microsoft Word-ek duen editorera ohitu gara; badakit ez dela aukera egokiena ezta potenteena ere baina ezin da ukatu erabiltzailearentzat erabilerrazena dela. Word-en aukera alde batera utzi eta OpenOffice-en aldeko apustua egin nahi dugunok, atal honetan arazo handia daukagu. Ez ditut erraz konbentzituko nire ikastolako irakasleak OpenOffice-era salto egitea ez baldin badago ekuazio matematikoak txertatzeko tresna sinpleagorik. Ba al daki norbaitek ze asmo dauden OOo komunitatean honen inguruan 3.0 bertsorako? Ba al dago beste aukerarik ekuazio matematikoak modu sinplean txertatzeko OOon?

Zabaldu ezazu zure Delicious-eko sarea

Norbaitek galdetuko balit zein den, jasotzen dudan informazio iturri desberdinetatik, niretzat balio gehien duena, zalantzarik gabe hori Del.icio.us-eko Your Network izeneko jarioa dela erantzungo nioke. Your Network izeneko zerbitzuaren bitartez aukera daukazu beste Del.icio.us-eko erabiltzaile batzuek jasotzen dituzten informazioaren jarraipena egitea horretarako eskaintzen duen jarioaren bitartez. Nire kasuan, sare honen barruan mota guztietako erabiltzaileak ditut gehituta; alde batetik, nire ikasle batzuk agertzen dira. Hauek, egia esan, ez diote oraindik Del.icio.usi bere etekin guztia atera eta hemendik jasotzen ditudan ekarpenak nahiko kaxkarrak dira. Ez da berdin gertatzen, ordea, zerrenda horretan bilduta ditudan nire lagunen ekarpenekin. Hauengandik jasotzen dudana “kalitate handiko” edukiak dira. Hauekin batera ere, beste hainbat erabiltzaile gehitu ditut zerrendara pertsonalki ezagutzen ez ditudanak baina eurek biltzen duten informazioa bat datorrena nire interesekin. Horrela Your Network-etik jasotzen ditudan lau sarreretatik hiru, gutxi gorabehera, nire gogokoen zerrendan biltzen ditut. Datu honek garbi uzten du, zenbateko baliagarritasuna duen niretzat informazio kanal honek.

Honekin lotuta, gaur tresna interesgarri batekin egin dut topo. AiPlayground izeneko webgunean norberak gordetako gogokoak Del.icio.useko beste erabiltzaile guztiekin alderatzen dituen, Python (2.5)ean idatzitako script bat aurkitu dut. Honen bitartez, nire kontuko azken 1000 gogokoen arrastoari jarraipena egiten zaie, beste erabiltzaileekin egon daitezkeen kointzidentziak erregistratuz. Horrela, miaketarekin amaitu ondoren, zure profilarekin bat datozen beste 50 erabiltzaileen izenak bueltatzen dizkizu, afinitate handienetik txikienera ordenatuta. Scriptaren garatzaileak zera dio script honi buruz

Prozesua oso erraza da:

  1. Lehenik eta behin script-a zure ekipora jaitsi beharko duzu hemendik.
  2. Ondoren exekutatu beharko duzu; horretarako nik Ubuntuko Terminala erabili dut. Egia esan Windows-en ez dakit nola burutu daitekeen hau. Scripta exekutatzeko nahikoa da ondorengoa idaztea:python ./delicious_mates.py
  3. Azkeneko urratsean zure del.icio.useko erabiltzaile izena eta pasahitza idatzi beharko dituzu.
  4. Zure gogokoen eskaneatzeari ekingo dio scriptak. Prozesu honek bere denbora behar du. Pazientzia pixka bat eduki beharko duzu
  5. Behin amaitutakoan azpian ikusten den antzeko zerrenda bat eskainiko dizu

Lehenego postuetan zeintzuk agertzen diren ikustea ez da sorpresa handia izan :lol: . Goiko postuetan dauden beste erabiltzaile ezezagunen Del.icio.useko kontuak aztertu ditut eta benetan oso gauza interesgarriak aurkitu ditut. Dagoeneko zabaldu dut nire Del.icio.useko sarea erabiltzaile berri mordoxka batekin.

OHARRA: emandako helbidean irakur daitekeen bezala, hainbat parametro konfiguragarriak dira. nik hauetako bat aldatu behar izan dut, izan ere, scriptak nire azken 1000 sarrerak banan-bana analizatzen ari zenean Del.icio.useko zerbitzariek nire IPa blokeatu egin dute (antza denez segurtasun neurri bezala). Horregatik kopuru hau 500era txikitu behar izan dut. Dena den, ez dut uste emaitzak oso desberdinak irtengo zirenik bestela ere.