IKTeroen alkandora berria

Urte sasoi honetan ohikoa da era guztietako promesak egitea, nahiz eta gehienak bide bazterrean aparkaturik gelditzen diren. Guk gisa honetako ariketa egin genuen iazko ikasturtearen amaieran eta konpromiso batzuk hartu genituen:

  • Diseinu berria prestatu
  • Atal berriak sortu
  • Estandarrak errespetatu
  • Irisgarritasuna bultzatu

Beste batzuen artean, horiek izan ziren hartu genituen konpromiso nagusienak eta horiek aintzat harturik udako oporrak aprobetxatu ditugu lanari ekiteko.

Ikus dezakezuenez, itxura aldatu diogu gure blogari, baina aldaketa ez da kanpoko itxurara mugatu, izan ere, estandarrak eta irisgarritasuneko printzipioak ezarri nahi izan ditugu blogaren atal guztietan. XHTML 1.0 Strict, CSSa eta RSSa baliozkotu ditugu. Ez da lan erraza izan, baina guretzat funtsezkoa izan da estandarrak errespetatzea gure blogaren irisgarritasuna eta erabilgarritasuna, ahal izan dugun neurrian, hobetzeko.

Hori dela eta, lehenengo urratsak ematen hasi gara irisgarritasunaren ibilbidean. Gauza batzuk lortu ditugu nahiz eta gaiaren inguruan gure ezagutza nahiko eskasa den. Hasteko, menuaren aukera guztiak “shortcut” izeneko lasterbideak edo tekla konbinazioak ezarri ditugu. Irisgarritasunerako jarraibideak ezartzen ahalegindu gara eta akatsik gabeko gunea eraikitzea lortu dugu, nahiz eta ondoren gehitu ditugun script batzuk eta egutegia akatsa ematen duten.

Faktore hauek alde batera utziz, garbi ikus daiteke garrantzia handiagoa edukiari eman nahi izan diogula. Horretarako, alboko menua kendu eta orriaren behealdera eraman dugu

Gainera, blogaren zabalera handitu egin dugunez, 1024 X 768 da beharrezkoa den gutxieneko erresoluzioa behar den bezala ikusteko.

Edukiei dagokienez, ataletan ikutu batzuk somatuko dituzue baita atal berri bat ere: Tutorialak. Azken honekin, IKTerook ekoizten ari garen eta ekoiztuko ditugun bideo-tutorialak guztion eskura jartzen hasiko gara.

Bukatzeko, esan zuen ekarpenak gustura jasoko genituzkeela eta horra hor gure gonbitea. Esaiguzue alkandora berria gustukoa duzuen edo ez, zer aldatuko zenuketeen, atalen bat faltan botatzen ote duzuen….

Blogmusik: dohainezko ipod birtuala.

BlogmusikDakizuen bezala, oporrak bukatu dira eta atzo ikasleei ongietorria egiteko prestatzen egon gara azken egun hauetan. Dena prest jartzen saiatu, ordutegiak egin, ordenagailu gelak abiarazi, ikus-entzunezkoen funtzionamendua egokia ziurtatu, bilerak, programazioa itxi, zerrendak…Nola azal dakioke ikasturte hasiera zer den irakaskuntza munduan sartuta ez dagoen edonori! Zoramena!!

Honelako momentuetan eten bat egiteak gero lana gogo biziagoz hartzera eraman dakiguke eta niri etenak musikaz lagundurik egitea gustatzen zait. Horretarako oso aproposa den gune bat ezagutu nuen lehengoan: blogmusik . Pandora atsegin baduzue, hau agian atseginago egingo zaizue. Lehenengoak, artikulu honetan azaldu nuen bezala, gure gustukoa izan daitekeen musika ezagutzera emateko (guk nahi dugun abeslari, talde edo abesti abiapuntu) aukera eskaintzen badu, bigarrenarekin zuzenean gustatzen zaizkizun abeslari edo taldeen abestiekin zure zerrendak osa ditzakezu.

Nola? Alta eman eta, goiko irudian ikus dezakezun bezala, Ipod baten itxura duen erreproduzitzaile bat azalduko zaigu. Bilatzailean abeslari edo talde baten izena idatziko dugu eta berehala datu-basean gordeta dauden abeslari horren abesti guztiak azalduko zaizkigu (125.000 abesti daude!). Bilaketa alfabetoz egitea ere posible da. Nahi ditugun abesti guztiak hautatu eta gure zerrendara gehitzea litzateke hurrengo urratsa. Nahi adina playlist edo zerrenda sortuko ditugu, blogmusik-ean sartzen garenean entzun ahal izateko. Guztiz web 2.0, gure ordenagailura ezer jaitsi gabe!

Amaitzeko, eskaintzen dituen beste aukera interesgarri pare bat:

  • Entzuten ari zaren abestia partekatzearena. Ez legoke gaizki lanegunari lagun batek bidalitako abesti eta mezu batekin hasiera ematea, ezta? (Nik oraintxe jaso dut nire buruari bidalitakoa eta asko gustatu zait :smile: )
  • Klik batez firefoxeko barran gunea zuzenean eransteko aukera.

Musika gustatzen bazaizue, blogmusik atsegingo duzue!

Jatorria: Digizen